Sezesioak potentzien tresna gisa

“Onartuko bagenu Hong Kongeko herritarrek bakarrik erabaki dezaketela beraien etorkizun politikoa, kolonialismoa, horren ondorioak eta erabilpena justifikatuko genituzke. Normalizatuko bagenu inperialismoak diruz erosi ditzakeela hiriak, herrialde subalternoak oraindik eta gehiago zatituko lituzkete”

*Asier Blas Mendoza / ARGIA / 2019ko irailaren 08a

Estatuen sorrerak egintza geopolitikoak dira, horregatik, lurralde baten independentzia “erabakitzeko eskubidea” ez da existitzen era abstraktuan. Ekintza politikoa da eta batzuetan herrien askatasuna bultzatzeko balio dezakeen bezala, beste batzuetan herriak zatitu, neutralizatu edota konkistatzeko izan daiteke nazioarteko potentzien mesedetan.

Uda honetako berrien artean, erabakitze eskubidearen erabilpen interesatuen hiru adibide izan ditugu. Abuztuan Hego Osetiako Errepublikak, de facto errusiarren babes militarrarekin Georgiatik sezesionaturiko lurraldea, bere mugak apur bat hegoaldera mugitu eta zenbait kilometro hesitu ditu. Osetiarrak (jatorri iraniar nomada) Erdi Aroan Iparraldeko Kaukasora iritsi ziren. Konkista batzuei esker noizbehinka Hegoaldeko Kaukasoko lur txikiren bat eskuratu eta populatu zuten. Halere, herri gutxi batzuetan ez ziren gehiengoa izan XVII. mendera arte. Orduan Georgiako erregeak gonbidatu zituen lurralde georgiar horietan bizitzera mugak defendatu eta nekazaritza garatzearen truke. Hego Osetia eskualdea Sobietar Batasunak erakundetu zuen 100.000 biztanle ingururekin (%70 eskas osetiarrak). Egun independentea da arazo geoestrategiko handia sortuz Georgiari: alde batetik, Kaukasoko mendien muga naturala apurtzen du iparraldetik Errusiako armada hegoaldera ekarriz; eta bestetik, herrialdearen mendebaldea eta ekialdea bereizi egiten ditu mugikortasuna zailduz. Ondorioa da Georgiaren normalizazioa eta garapen burujabea oztopatuta daudela.

AEBak eta Frantzia antzeko jokaldia egiten ari dira Siriako nazionalista kurduekin. Kurduak (jatorri iraniar nomada) Sirian agertu ziren X. mendearen bueltan gutxiengo etniko gisa. Gauzak aldatu ziren otomandar lurraldeetan armeniarren eta asiriarren aurkako genozidioaren ostean, kurduek turkiarren esanetara gauzatu zuten sarraskia eta egun Kurdistan bezala ezagutzen ditugun lur asko dira XX. mendeko lehen genozidioa bezala ezaguna den horri esker eskuratutakoak. Baina, Erresuma Batuak eta Frantziak Siria zatitu ostean, herrialde horren muga berrien baitan utzi zituzten kurduen gehiengoko herrixkak bakan batzuk baino ez ziren. Halere, Turkiatik ihes egin zuten kurdu errefuxiatu hainbat uholde iritsi ziren Siriara XX. mendean, horrek Siria iparraldeko demografia aldatu zuen zenbait herritan kurdu gehiengo berriak sortuz. Hauetan oinarrituta, Mendebaldeak Ipar Siriako Federazio Demokratikoa bultzatu du gehiengo kurduko lurraldeetan eta konkistatutako gehiengo arabiarreko lurraldeetan. Estrategia honi esker, Mendebaldeak Siria zatitu du eta bere bideragarritasuna zalantzan jarri, herrialdearentzat ura eta petrolioa bezalako baliabide ezinbestekoak bahituz. AEBek eta Frantziak base militarrak jarri dituzte eta udako AEB-Turkia akordioaren ostean, turkiarrek Iparraldeko Siriako eremu mugatu batean patruilatuko dute ere bai.

Azkenik, Hong Kong dugu. Mobilizazio biolentoek aldarrikapen independentistak egin dituzte herrialde anglosaxoien interes geopolitikoen zerbitzura, hau da, Txina molestatze aldera. Manifestariek Erresuma Batuko kolonia garaiko eta AEBetako banderekin protestatu dute. Besterik gabe onartuko bagenu Hong Kongeko herritarrek bakarrik erabaki dezaketela beraien etorkizun politikoa, kolonialismoa, horren ondorioak eta erabilpena justifikatuko genituzke. Normalizatuko bagenu inperialismoak diruz erosi ditzakeela hiriak, herrialde subalternoak oraindik eta gehiago zatituko lituzkete.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *