Gezurrak, engainuak eta lapurretak

“Gezur borobilak eraikitzea ez da ohikoa arriskutsuak direlako, estalgabetzen badira prezioa oso handia izan daiteke hedabideentzat edota gobernuentzat. Baina kasu gutxi batzuetan erabili egiten dira salbuespenezko egoeratan edota operazio bereziak bultzatzeko.”

*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria                                                                        2019ko maiatzaren 19a

Beti izan da boterearen dimentsio garrantzitsu bat irudipenen maneiua munduko gertaeretan. Orain protagonismo osoa berri faltsuek dute; halere, hauek jazartzeko Mendebaldeko gobernuek, hedabideek eta unibertsitateek sortu dituzten ikerketa zentroek ez dituzte finkatu zein ezaugarri izan behar dituen berri faltsu batek. Izan ere, fake news eta egia-ostea bezalako kontzeptuak propaganda gerrarako tresna gisa sortutakoak dira eta beraz, sortzaileek nahiago dute kontzeptuak lausoak izatea; bestela, ezaugarriak ondo zehaztuko balira, herritarrek identifikatu ahal izango lituzkete beraien gobernuetatik eta hegemoniko diren hedabideetatik zabaltzen diren berri faltsuak.

Gezur borobilak eraikitzea ez da ohikoa arriskutsuak direlako, estalgabetzen badira prezioa oso handia izan daiteke hedabideentzat edota gobernuentzat. Baina kasu gutxi batzuetan erabili egiten dira salbuespenezko egoeratan edota operazio bereziak bultzatzeko. Gainerakoan, manipulatzeko tresna arruntena agenda mediatikoaren kontrola da: zer sartu erabakiz, berri batzuk gain ordezkatuz eta beste batzuk azpi ordezkatuz. Mekanismo horren bertsio gogorrena omisioak dira.

Berrien edukiari begiratuta manipulazio tresna da egiaztapen falta duten informazioak hedatzea. Bertsio sofistikatuagoetan ustezko egiaztapen lausoak aurkezten dira iturri orokor, kutsatu edo asmatutakoekin. Orain modan dago norbaitek frogarik gabe burutzen duen akusazioa hedabideek kontrastatu gabe zabaltzea lau haizetara baldintza-adizkien gehiegizko erabilerarekin. Esate baterako, hedabideek Julian Assangeri buruz frogatu gabeko akusazioen gainean berri ugari kaleratzen dituzte kazetariaren irudia zikintzeko. Assangen atxiloketa egunean Ekuadorreko Gobernuak bere kontra eginiko frogarik gabeko akusazioak hedabide hegemonikoek behin eta berriro erreproduzitu dituzte. Horrela, Assangek enbaxadan bizi zuen bullyingari aurre egiteko hartu zuen balizko jarrera berriaren elementu zentral bilakatu nahi izan dute. Hau manipulazio mediatikoen klasiko bat da: berrien aurkezpen partziala interesaren arabera filtratuak. Adibidez, bazterreko elementu bat zentral bilakatzen da berriaren muina ezkutatzeko edo desitxuratzeko eta aldi berean, pertsona, gobernu edo herrialde bat zikintzeko eta estigmatizatzeko.

2016an AEBetako hauteskunde giro erdian Wikileaksek Hillary Clintonen emailak filtratu zituenean, berriaren muina filtrazioaren jatorria bilakatu zuten eta ez filtraturiko informazio larriaren edukia. Ordutik, Jugoslaviako gerran NATOko bozeramaile zen Jamie Shea-k erabilitako estrategia erabili dute, informazio eta berrien saturazioa kazetariak okupatuak izateko une oro errusiar ustezko esku-hartze kanpainan. Bitartean, ez da hitz egiten kontrastatuak eta dokumentatuak dauden berriez, ez dira sakonki ikertzen Wikileaksek eta Snowedenek filtratutako dokumentuak agerian uzten dutenak: Bernie Sandersen kontra egindakoak, AEBetako kanpo politika agresibo eta zikina, edo munduko sakeleko telefonoak, telebistak eta autoak CIAk zelatatzen dituela eta kontrolatu ditzakeela; arazoa baina, ustezko errusiar hacker batzuk eta berri faltsuak dira. Zeinen berri faltsuak ordea? Berriki Mike Pompeok, egungo AEBetako Estatu idazkariak azaldu du barrezka: “Ni CIAko zuzendaria nintzen. Gezurrak esan genituen, engainatu eta lapurtu genuen. Trebakuntzarako ikastaro osoak genituen. (Honek) Gogoratzen dizu amerikar esperimentuaren gloria”.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *