Subiranotasunik gabe ez dago demokraziarik

“Agintariek oligarkia ekonomikoen aurkako erabakiak hartzen dituztenean erantzuna bortitza izaten da: gobernuaren kontrako kanpaina eta manipulazio mediatikoak, itxialdi patronalak, sabotaje ekonomikoak, gobernuaren kontrako mugimenduak sustatzea, estatu kolpeak bultzatzea eta abar.”

*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria

Mendebaldeak gustuko ez dituen herrialdeen kontra egiteko erabiltzen dituen aitzakiak dira, demokrazia falta edota giza eskubideen errespetu eza. NATOko herrialdeak beti dira epaileak eta inoiz ez epaituak. Beraiek gutxi-asko demokrazia hauteskunde prozesu lehiakor eta garbi batera murrizten dute. Alabaina, ez dago demokraziarik subiranotasunik ez badago. Estatu batek munduko hauteskunde garbienekin gobernua hautatuko balu, ez litzateke demokrazia bat izango, baldin eta gobernuak herritarren hautua bete ahal izateko botererik ez balu.

Mendebaldeko kontroletik kanpo dauden herrialde batzuk subiranotasun gradu altukoak dira edo izateko borondatea dute, baina trukean jasan behar izaten dituzten kanpo eta barne erasoak amaigabeak dira. Barne politik

an lobbyek, batez ere ekonomikoek, herriaren erabakitze eskubidea eta subiranotasuna bahitu nahi dituzte gobernuen boterea mugatuz. Agintariek oligarkia ekonomikoen aurkako erabakiak hartzen dituztenean erantzuna bortitza izaten da: gobernuaren kontrako kanpaina eta manipulazio mediatikoak, itxialdi patronalak, sabotaje ekonomikoak, gobernuaren kontrako mugimenduak sustatzea, estatu kolpeak bultzatzea eta abar.

Antzera gertatzen da kanpo erasoekin. Herrialde batzuek beste batzuen subiranotasuna mugatu eta kontrolatu nahi dute eta horretarako, aipaturiko mekanismoez gain, gerra ekonomikoa santzioen bidez egiten dute. Helburua da herrialdean kaosa zabaltzea gobernua higatzeko erori arte edota esku-hartze militarra justifikatzeko testuingurua sortu arte.

Barne eta kanpo erasoek demokraziaren kalitatea narriatu eta giza eskubideekiko errespetua txikitu egiten dituzte; edozein gerretan gertatzen da, intentsitate altu edo baxukoak izan, konbentzionalak edo hibridoak. Berriz, subiranotasuna ez duten herrialdeetan edo beraien subiranotasuna eztabaidatua ez denetan, eta agintean daudenen interesak lobby indartsuenen interesekin ondo lotzen direnean, ez daude argindar mozketak, sabotajeak, santzio ekonomikoak eta kaosa. Horrela, errazago da noski, giza eskubideak eta hautaketa prozedura lehiakor eta garbiak mantentzea.

Horregatik, herrialde subalternoetara gobernu soberanistak edota ezkertiarrak iristen direnean lehen aipaturiko erasoak jartzen dira martxan. Batzuetan presioa eta mina hain da handia azkenean jendarteak amore ematen du sufrimendua geratze aldera. Horregatik, 1990eko Nikaraguako hauteskundeak sandinismoak galdu zituen, AEBek esana zuten Violeta Chamorrok irabazi ezean hauteskundeak ez zituela demokratikotzat onartuko eta beraz, gerra ekonomikoak eta armatuak jarraituko zuketen sufrimendu gehiago barreiatuz.

Venezuelak bizi duen erasoa oso gogorra da eta ondorioak bistan dira. Venezuelar jendartearen gehiengoak erakutsi duen erresistentziarako gaitasuna miresgarria da. Kontua da noiz arte eutsi ahal izango duten. 1990eko Nikaraguako agertokiarekin amesten dutenek hauteskundeak nahi dituzte gerra batean, jendeak amore eman dezan sufrimendua arintze aldera. Bitartean, ustezko ezkertiar eta demokrata askok venezuelar autoritarismoa kritikatzen jarraitzen dute ulertu nahi gabe venezuelar demokraziaren arrisku nagusia bere subiranotasunaren aurkako erasoa dela. Askoz gutxiagogatik Mendebaldeko herrialdeek giza eskubideak eta demokrazia higatzen dituzten salbuespen legeak onartu dituzte “arrisku” baten aurrean, baina inork gutxik izendatu ditu herrialde hauek autoritarioak.

2019ko martxoaren 31

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *