Erresistentzia Antifaxista: Gerardo Bujanda, Saseta batailoiko azken gudaria hil da ehun urterekin

*ARGIA astekaria

1936ko Gerran Saseta batailoian ibilia, Espainiako Kongresuan diputatu izan zen politikari jeltzalea 70eko hamarkadan. Berrikitan omenaldia jaso zuen Donostian.

Gerardo Bujanda Sarasola hil da joan den irailak 4an, 100 urterekin. 1936ko gudari ohia eta politikari jeltzalea, frankismo garaian klandestinitatean lan handia egin zuen EAJ barruan. Duela gutxi senide, lagun eta alderdi horretako ordezkarien partetik omenaldia jaso zuen Donostian.

Bujanda zen Saseta batailoi ezaguna osatu zuten gudarien artean bizirik zegoen azkena. 1937an Santoñan preso hartua, kontzentrazio-esparrutan eta langile batailoitan ibili zuten, eta heriotza gertutik ikusi zuen: “Goseak akabatzen geunden beti. Batzuek ikusmena ere galdu zuten, goseagatik”, esan zuen Estitxu eta Ixiar Eizagirrerekin ARGIAn 2004an izandako elkarrizketa luzean.

Soldadutzatik bueltatuta, Euskal Herrian kladestinitatean jardun zuen EAJ barruan, dela grebak prestatzen, dela Urbian eta beste hainbat tokitan hitzaldiak ematen, dela irratigintzan –Venezuelatik emititzen zen Radio Euzkadin, adibidez–. 1977tik 1979ra diputatu jeltzalea izan zen Madrilen eta Gipuzkoa Buru Batzarreko kide ere bai. Gerora, pixkanaka politikatik aldentzen joan zen. “Ez naiz damutzen nire iraganaz, berriz egingo nuke egin dudana”, aitortu zuen elkarrizketa berean.

Bere anaia Inoncencio Bujanda Zeruko ARGIAko kolaboratzaile izan zen 1963tik 1979ra artean eta idatzitako dozenaka artikuluen bilduma jaso du hedabide honek haren semearen eskutik duela gutxi.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *