Gurean ere ematen den faxismoaren gorakada aztertuko du Hedoi Etxartek Martxoaren 20an Azpeitian

*ARGIA (www.argia.eus)

Azpeitiko Elkar-ekin taldeak eta ARGIAk Hedoi Etxarteren “Faxismoa hemen eta orain” hitzaldia antolatu dute elkarlanean. Hitzaldi hau ARGIAren mendeurrena ospatzeko ekitaldietako bat da, eta Elkar-ekinek Arrazarekiaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren (martxoak 21) inguruan antolatu duen egitarauaren zati ere bai.

Zein dira Europan gorantz doan olatu faxistaren kausak, eta zein bere ondorioak? Hedoi Etxartek horiek izango ditu hizpide martxoaren 20an (asteazkena) Azpeitiko Sanagustin Kultur Gunean, 19:00etan hasita.

ARGIAk mendeurrena ospatzeko ekitaldien artean, pil-pilean diren lau gairi buruzko hitzaldi eta mahai-inguruak antolatu ditu, bakoitza Euskal Herriko txoko banatan, eta bakoitza eragile batekin elkarlanean. Hitzaldi ziklo horietan lehenengoa izango da Azpeitikoa. Elkar-ekin taldearekin elkarlana oso gustura hasi du ARGIAk, bat egiten baitu Azpeitiko taldeak lantzen dituen gaiekin (gaurkotasunezkoak, justizia sozialaren balioei lotuak), lantzeko moduarekin (ikuspegi orokorraz eztabaidatu, eta tokian eta zehatzean ekin, “txikitik”) eta helburuarekin, alegia, eraldaketa sozialarekin. Zure herrian ere elkarte edo eragileren batek (edo ARGIA Jendea talde batek) ARGIAren mendeurrena ospatzeko ekitaldirik egin nahiko balu, jarri harremanetan (argiak100urte@argia.eus)

ARGIAren mendeurrenaren baitako hitzaldia izango da Hedoi Etxartek faxismoaz emango duena, baina Elkar-ekinek arrazakeria eta xenofobiaren aurka antolatu duen egitarau zabalagoaren zati ere bai. Hona hemen Elkar-ekinek burutuko dituen beste ekintzak:

“Azpeitian xenofobiarik ez, inor ez da ilegala”:

– Martxoaren 21ean, osteguna, “Azpeitian xenofobiarik ez, inor ez da ilegala” leloarekin elkarretaratzea, 19:00etan plazan. Ondoren, janari ezberdinekin mokadua eta Horacio txiletarraren kontzertua udaletxeko arkupeetan.

– Martxoaren 24an, igandea, musikari afrikarrak kalez kale, eta ondoren hauen emanaldia Sanagustinen.

“Faxismoaren mamua indartsu agertu da azken hilabeteotan”

Hona hemen ekintza hauek aurkezteko Elkar-ekinek zabaldu duen irakurketa:

“1960ko martxoaren 21ean, Hegoafrikako Sharpeville herrian, milaka eta milaka herritar atera ziren kalera herrialdean bizi zuten apartheid eta arrazakeria egoera bortitza salatzeko. Protesta baketsua bortizki sakabanatu zuten poliziek, 69 pertsona hil eta 186 zauritu eraginez.

Mende erdi igaro da gertaera haietatik, baina egun horretan kalera ateratzeko arrazoiek bere horretan jarraitzen dute. Arrazakeria eta xenofobia errealitate gordina dira gaur egun ere, milioika direlarik beraien koloreengatik, sinesmenengatik, kulturagatik edo ohiturengatik jazarriak eta erasotuak diren biztanleak.

Faxismoaren mamua indartsu agertu da azken hilabeteotan, Europan eta Espainiako estatuan eskuin muturra izaten ari den gorakada ikusi besterik ez dago.

Azpeitian bertan ere badira pertsona migratzaileen gaineko aurreiritzi eta jarrera desegokiak. Arrazakeria eta xenofobia zantzuak presente daude elkarrizketa askotan, eta komunitate zenbaiten aurkako iritziak entzuten dira han eta hemen.

Horretaz guztiaz hitz egiteko eta xenofobiarik gabeko herri bat aldarrikatzeko baliatu nahi dugu martxoaren 21a, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna”.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *