33 Urte dira jada gure herriak NATO-ri ezetz esan ziola

 

Aurten 1986ko martxoaren 12 hartan Hego Euskal Herrian ospatu zen NATOren baitan jarraitu edo ez jarraitzeari buruzko erreferenduma egin zenetik 33 urte daramatzagu iruzur eta engainuaren menpe. Data honen egun latzetan zein hainbat urtetan zehar mobilizazio handiak bizi izan ditu gure herriak NATO-ren parte izatearen aurka. Talde ugariren lanari esker gehiengoaren errefusa nabaria eman zitzaion NATOri Hego Euskal Herrian, Catalunyan edota Kanariar Uharteetan eta ukatze handia Espainiako Estatu osoan. Halaber, gogoratzekoa da Frantziar Estatua NATO-ren sortzaile izan zela eta Ipar Euskal Herriak aliantzarekiko atxikipena hasiera batetik duela inolako herri-kontsultarik jaso gabe.

Emaitza handi hau lortu zen nahiz eta Estatuko baliabide guztiak: mediatikoak, politiko-ekonomikoak edo IBEX-35koak NATOren alde erabil ziren, nahiz eta galdera manipulatua erabili edota NATOn parte hartzeko ezarritako baldintzak inoiz ez ziren beteak izango. Era honetan, NATOrekiko baiezkoa lortzeko mehatxuak, xantaiak edo Europarekiko balizko isolamendua eta ondoriozko garapen “trena” galtzearen mamuak bortizki erabili zituen espainiar botere zentralak.

UCD-ren eskutik, espainiar Estatua 1982ko maiatzaren 30ean sartu zen Aliantza Atlantikoan, inolako kontsultarik gabe eta inkesten araberako %18ko sostengu sozialarekin bakarrik espainiar Estatuaren datuei erreparatuz, hauek Hego Euskal Herrian are baxuago izanik. Bestetik, PSOE garai hartan sektore herritar ugari bezala NATO-ren aurka omen zegoen eta garaile atera zen 1982ko urriaren 28ko hauteskunde orokorretan NATOri buruzko Erreferendumera deituko zuela hitzeman zuen. Hilabete gutxiren buruan eta lehen aldarrikapenak bertan behera utziz, PSOE, lerratzen joan zen “NATO, lehenik EZ” batetik “NATO BAI” batera, Aliantza Atlantikoaren atzetik dauden multinazional, oligarkia handi eta interes inperialisten zerbitzutan jarriz.

NATO antolakunde militar gisa jardun du bere sorreratik (1949ko apirilaren 4tik, II. Mundu Gerraren ondorenetik) eta Europako sozialismoaren hedapena borrokatzeko sortu zen. Ondoren, estatubatuar zuzendaritzako anglo-europear potentzia industrialen abangoardia militar bihurtzen joan da mundua eta bere baliabideak kontrolatu eta estatu zein herriak euren interesetara menderatzeko ahaleginean. Honela, hogei urte baino gehiagotik hona 180ºtan aldatu du jarrera, txosten ofizialetan jarrera “defentsiboa” izatetik, erabat “ofentsiboa” izatera pasatuz eta “herrien arteko zuzenbidea” bortxatuz, izan Jugoslavian, Iraken edo Libian ikusi ahal izan den bezala beste adibide andana artean.

1989an, Berlineko harresia erori ondoren Varsoviako Ituna disolbatu egin zen 1991an. NATOk aldiz, bere ekintzekin jarraitu egin zuen eta ez disolbatzearekin batera etsai berri bat bilatu zuen sozialismoa ordezkatzeko (“terrorismo islamiarraren mehatxua”) eta Europako Ekialdeko herrienganako zabalkuntza politika oldarkorra praktikatu zuen, egin zituen ez zabaltzeko konpromisoen kontra, hauek hautsiz. Honela, 1999tik aurrera, jada, 13 herri dira, Varsoviako Ituneko partaide ohiak eta Jugoslavia ohikoak Aliantza Atlantikoan sartu direnak, batzuetan euren borondatearen aurka.

“Kontzeptu Estrategiko” berriaren arabera, bereziki 2010eko azaroan Lisboan izandako NATOren goi-bileran jorratuaren ondoren Aliantza Atlantiarra aldatu egiten da, aipatu dugun eran antolakunde formalki defentsiboa izatetik antolakunde ofentsiboa izatera, militarki bere mugez haratago ekiteko ahalmenarekin, mugarik gabeko esparruan balizko edozein mehatxuri aurre egin ahal izateko (terrorismoa, zibererasoak, merkatal ibilbideak edo energia iturriak babesteko edota balizko herri etsaiak erasotzeko). Aldaketa hau, partaide diren Estatuen Parlamentuen erabakiak saihestuz egiten da, eta, beraz, eztabaida soziala isilaraziz.

NATOren ezaugarri nagusia mundu osoan zehar duen interbentzionismoa gizateriaren aurkako krimen politika praktikatzea eta milioika familien bizitzak txikitzea izan da gezur dotoreen aitzakipean. 1999tik aurrera bakarrik, interbentzioak izan ditu Bosnia eta Herzegovinaren aurka (1992 eta 1995), Aljerian, Jugoslavian 1999an, Afganistanen 2001etik gaur egunera, Mazedoniaren aurka (2001-2003), Iraken (2003-2011), Sudanen (2005-2007), Somalian 2007tik aurrera, Afrikako Adarrean 2008tik aurrera, Libian 2011n, Ukrainan 2014ean, Sirian, Yemenen eta berriki Venezuelan Juan Guaidóren estatu kolpean.
NATOk diktadura faxisten sostengu bezala jardun du eta jarduten du, hala nola, Franco, Salazar, Evren, Tudjman edo oraingo Poroshenkoren erregimenaren alde Ukrainian, besteak beste. Nafarroako Bardeen erabilpena maniobrak egiteko edota Luneville-Cheneviereseko basea Frantziako Estatuan honen presentziaren adibide dira beste askorekin batera. Bestalde, NATOk monopolio handien interesen hedapenaren babeslerik indartsuena da, esaterako, ExxonMobil, Texaco, Shell, BP, Boeing, Halliburton, Chase Manhattan Bank, Total, Repsol eta beste hainbesterena.

NATOn sartzeak Hego eta Ipar Euskal Herriaru sekulako gehigarrizko gastua suposatu digu eta suposatzen jarraitzen du gure altxor publikorako, betiere ekonomia produktiboaren garapenaren eta familien behar sozialen asetzearen kaltetan doana. Horri gehitu behar zaio 2014ean egindako Galesko NATOren go-ibileran adostu zela Estatu bakoitzak Barne-Produktu Gordinaren (BPG) %2 zuzendu behar duela Atlantiar Aliantzarako, 2023 urterako zehazki. Neurri hau hartzekotan, NATOko partaide diren Estatuen gastu militarra (2014ean 880.680 milioi dolarrekoa zena, munduko gastu militarraren %50 edo gehiago) bilioi bat dolar baino gehiagokoa izango litzateke.

Teorikoki, NATOk ez du arma nuklearrik. Baina arma nuklearrak etengabe mugitu dira Europan eta Espainiako zein Frantziako Estatuetan zehar. Aliantzaren barnean, hiru Estatu daude arma nuklearrak dituztenak, Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Frantziako Estatua. Arma horiek ez dituzten beste Estatu batzuetan ordea, etengabe kokatzen dira Estatu Batuen arma nuklearrak -200 bat bonba nuklear daudela kalkulatzen da Europako aire base ezberdinetan- Estatu Batuek erabil ditzaketenak eta halaber aliatu diren Estatuen aire indarrek. Honela, Belgikak eta Holandak F-16 hegazkinak dituzte helburu horretarako, Alemaniak eta Italiak Tornado hegazkinak eta Turkiak Incirlikeko base erraldoia dauka horretarako. Espainiar Estatuko Rotako baseak, nuklear propultsioko hegazkinak, itsasontziak eta itsaspekoak ezkutatu, hornitu edo konpontzeko balio izan du, beranduago aterperatzeko NATOko “misilen aurkako ezkutu” delakoaren parte diren lau destruktoreak edo aireontziak seguruenik arma nuklearrak dituztenak.

NATO krimena sustatzen duen tresna da eta mehatxu itzela munduko bakearentzat zein partaideak diren Estatuetako populazioaren segurtasunerako. NATOk, europar eta bereziki estatubatuar militar-industrial lobby erraldoiak bultzatua egonik –lobbya, zeina, era berean bere aparatu militarrean txertaturik dagoen- gastu militarraren etengabeko gehitzea sustatzen du, orobat armamentuen lasterketa, interbentzioak eta gerrekin batera. NATOk uneoro herritarroi guden zinezko helburuak eta ondorioak ezkutatzen dizkigute, eta bere krimenen konplize bihurtzen gaitu, “kalte kolateralak” eta “interbentzio humanitarioak” etiketa pean egiten dituen zibilen triskantzak sostengatuz.

NATO subiranotasun, herrien burujabetza eta askatasunaren lorpenerako oztopo eta hesi handiena delako, ezinbestekoa da altu eta gogor aldarrikatzea: NATO KANPORA! NATO DEUSEZTATU!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *