Venezuelaren ehiza

“Libia, Ukraina, Siria, Brasil, Nikaragua… Helburua guztietan berdina da, herrialdeak Mendebaldearen esanetara jartzea, nahiz eta askok ez duten ustezko posizio aurrerakoietatik hori ikusi nahi. (…) Zorionez, Txina eta Errusia daude. Luismi Uharte EHUko irakasleak azaldu duen bezala, Venezuela ez badago inbaditua oraindik, batez ere, Errusiari esker da. Baina zaudete lasai, oraindik ustezko aurrerakoi neocon-en negarrak entzungo ditugu multipolaritateak sortzen duen nazioarteko harremanen kudeaketa demokratikoagoaren aurka hitz eginez, izan ere, bihotzean mendebaldar supremazismoa tatuatua daramate eta.”

Rusia Venezuela USAren porrota
Asier Blas Mendoza @AxiBM / 2019ko otsailaren 17a
ARGIA astekaria

1999an Hugo Chavez boterera iritsi zenetik ezkerreko gobernu soberanistaren kontrako gerra amaigabea egon da martxan, intentsitate desberdinekin unean uneko botere korrelazioaren arabera. Arazoa ez da 2018ko hauteskunde presidentziala, arazoa chavismoaren proiektu burujabea da. Horregatik, AEBek eta Venezuelako burgesia handiek ez dituzte onartu chavismoak irabazi dituen hauteskunde desberdinak.

2002an oposizioak eta AEBak estatu kolpe bat ematen saiatu ziren. Nazioarteko botere oreka aldekoa zuten, ez ordea herria eta ejertzitoa. Ordutik geopolitika asko aldatu zen ezkerreko gobernuen ugaltzearekin Latinoamerikan eta bigarren mailako nazioarteko potentzien indartzearekin. 2002tik 2009ra garai onak izan ziren soberanistentzat. Baina, AEBek nazioartean izandako porroten ondorioz, Obamak berriro Latinoamerikari begiratu zion.

Hondurasko estatu kolpe gogorrak (2009) markatu zuen aldaketa, ondoren herrialde aurrerakoien kontrako desestabilizazio eta kolpe biguinen kanpainak etorri ziren. 2014an petrolioaren prezioa hondoratu egin zen, beste faktore batzuren artean, AEBen eta Saudi Arabiaren arteko akordioak bultzatuta etsai geopolitikoei kaltetzeko. Horrela, 2014 eta 2015 artean berrindartu zen Venezuelaren aurkako gerra hibridoa: sabotaje ekonomikoaren estrategia berpiztu eta oposizioak biolentzia barreiatu zuen guarimbero-en bitartez, artean Obabamak lehenengo santzio ekonomikoak jarri zituen. Testuinguru horretan, oposizioak Asanblada Nazionalerako hauteskundeak irabazi zituen. Hiru diputatu ustelen izendapena Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurka egin zen eta ordutik, desakatoan egon da parlamentua Venezuelako estatua erasotzen.

Guarimbero-en bigarren erasoa 2017an izan zen. Bortizkeria hainbestekoa izan zen,  ezen eta oposizioak erabat zatitua bukatu baitzuen eta horrek eragina izan zuen gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziaketan. Adostasuna hauteskunde presidentzialen aurrerapenean zegoen, baina oposizioak lider integratzaile bat falta zuen lehiatzeko. AEBek hor hartu zuten erabakia hauteskundeak boikoteatu eta bere estrategia kolpista propioa martxan jartzeko Venezuelako oposizioarekin adostu gabe. Ondoren Maduroren aurkako atentatu saiakera egon zen eta AEBetako Associated Presse-k azaldu bezala Washingtonek estatu kolpea prestatzen jarraitu zuen.

Libia, Ukraina, Siria, Brasil, Nikaragua… Helburua guztietan berdina da, herrialdeak Mendebaldearen esanetara jartzea, nahiz eta askok ez duten ustezko posizio aurrerakoietatik hori ikusi nahi. Lotsa gutxi behar da azken urteetan jasan dugun zirko mediatikoa espiritu kritikorik gabe irensteko. Milioika ordu eta tona paper argitaratu dira agintari subiranisten demonizazio amaigabeak burutzeko edota ustezko kanpo (errusiar) injerentziari buruz hitz egiteko. Berriz, benetako kanpo injerentzia datorrenean, egileak esplikatzen dizunean lotsagabe, orduan demokraziaz eta giza eskubideez hitz egiten da fake news jaialdi bat antolatuz. Bitartean, kanpo interesen zerbitzura presidente kargua usurpatu duen Guaidó kalean dabil, Puigdemont erbestean eta Junqueras preso. Zorionez, Txina eta Errusia daude. Luismi Uharte EHUko irakasleak azaldu duen bezala, Venezuela ez badago inbaditua oraindik, batez ere, Errusiari esker da. Baina zaudete lasai, oraindik ustezko aurrerakoi neocon-en negarrak entzungo ditugu multipolaritateak sortzen duen nazioarteko harremanen kudeaketa demokratikoagoaren aurka hitz eginez, izan ere, bihotzean mendebaldar supremazismoa tatuatua daramate eta.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *