Pussy Riot taldeari buruz

Pussy Riot eta Hillary Clinton

Aste honetan Bilbon Pussy Riot errusiar talde ezagunak jo behar duela eta, talde honek ezkerreko sektore batean pizten duen miresmena dela eta (feminismoa, antiautoritarismoa edo punk estetika dela eta), txosten hau egin beharrean gara, Bilbon joko duen taldearen izaera inperialista, muturreko liberal-eskuindarra eta antikomunista agerian uzteko asmoz.

Pussy Riotek “adierazpen askatasuna” erabiltzen du bere mezua zabaltzeko. Noski, “Mendebaldearen askatasunaren kontzeptua” defendatzen dute, baina ez diegu tutik ere entzun euren aldetik Mendebaldean, Espainiar Estatuan zigortutako artistez. Norbaitek esan dezake “adierazpen askatasuna edonon defendatu behar” dela, baina gure partetik, inperialistekin bat egitea “adierazpen askatasunaren” defentsan, geurean zigortu direnak ahaztuta, porrot ideologikoa besterik ez da; “adierazpen askatasuna” ñabardurarik gabe defendatzea “Giza Eskubideen” izeneko interbentzionismo inperialistaren gertukoa delakoaz aparte.

Ziur gaude, hemen inork ez lukeela “etxeko” (Euskal Herriko, Estatuko zein Europa mendebaldeko) talde ultraeskuindar baten “adierazpen askatasuna” defendatuko. Baina bai Errusian, hain zuzen ere, han defendatzea (komunikabide eta GKE ezberdinen bidez bidez) beste inon baino “premiazkoagoa” dela sinestarazi digutelako.

Filosofoek dioten legez, ideologiaren atzean, badago beste zerbait. Dialektika ondo erabiliz gero, jakin badakigu esaten denaren atzean, non, noiz eta noren kontra (eta mesedetan) esaten dena ezkutatzen dela. Hots, ideologien atzean eta azaleko itxuraren atzean zer ezkutatzen den, eta zeren kontrako (eta noren mesederako) arma bezala erabiltzen den. Txosten honen bidez, hori argitu eta gauza batzuk argi utzi nahi ditugu.

Historia pixka bat eta katedral ortodoxoko “kontzertua”

Pussy Riot taldea, arruntki, Moskuko Kristo Salbatzailearen katedral ortodoxoan “kontzertua” edo performancea egin zuten hiru aktibistetako birekin -Marija Aliokhina eta Nadezhda Tolokonnikova- identifikatu ohi da (hirugarrenak, Jekaterina Samutsevitxek Estatuarekin paktua egin zuen eta taldetik atera da). Baina berez, taldea zabalagoa da, edo zen.

Egun, ez dago oso ondo jakiterik Pussy Riot zer den. Izan ere, esan bezala talde zabalagoa zen hasieran, Tolokonnikova eta Aliokhina baino talde zabalagoa. Beren jatorria, antza denez, “Voina” (Guda) kolektiboan dago, hauek ere “arte politiko performatiboa” egiten zutelarik. Voinaren “artea”, lapurretak, eskandalu publikoa (animaliekin sexua barne) eta batzuetan Estatu-eraikin edo erakundeak erasotzea zen (“boterea” modu abstraktuan ulertuta, sekula ez banku pribatizatuak edo enpresa handiak edo lan-gatazken ingurukoak!). Voina taldeak, oro har, “epatatze” joko-burgesa egiten zuen, artista autoproklamatuaren “gizartearen kontrako”, “errutinaren kontrako”; “plangintzaren kontrako” gerra indibidualista edo kreatiboari jarraiki. Hots, artista autoproklamatua, aktibista elitistaren (herriaren gainetikako elite “sortzaile” baten parte den heinean) paradigma berri gisa. SESBen erorketak sortu zuen traumak jotako gizarte batean, Voinaren eta Pussy Rioten “antiautoritarismo” freudiar-marcusetarra erridikulua suertatzen da.

Voina taldearen fundatzaile eta orain Pussy Riot taldearen bozeramaile den Piotr Verzilovek esan zuen beren lana batez ere “erregimenaren balioak” salatzean zetzala; baian tutik ere ez zuen esan sistema ekonomiko kapitalistaz. (Jakina arte performatibo honek Mendebaldean jotzen duenean ez duela harrera bera, 2017an Frantziak Piotr Pavlenski Voina taldeko kidea deportatu egin nahi izan zuen “arte performatiboa” egitearren. Pavlenski aurretik Mendebaldean goratua izan zen Moskun FSBren egoitzaren aurkako ekintzengatik edo Moskuko Plaza Gorrian “Putinen kontra” bere barrabilak iltzatzeagatik). Galdera egin ahal dugu ea zer ekarpen egin ote duten Voinak eta Pussy Riotek errusiar politikan, ea feminismoa, anarkismoa edo dena delakoaren antolaketan lagundu ahal duen, edo euren buruaren banitatea asetu, “askatasunaren falta” narratiba inperialista indartu eta bestelako “fronte antiputinista” bat, zenbait elementu ez-desiragarrirekin batera elikatzen ote duten, honen “beso antiautoritarioa” osatuz.

Pussy Rioti, izen horren pean ospea ekarri zion ekintza, hau da Moskuko Kristo Salbatzailearen katedralean egindako ekintza, “epatatzearen” filosofia berean dago. Izan ere, ekintza honek “Putinen eta Errusiar Eliza Ortodoxoaren lotura salatzea” zuen azaleko helburu gisa, baina benetako asmoa beste bat zen: hau da, 2000 urtetik hona Putinek eman duen biraketa politikoa, estatista eta nolabait nortasun kolektibo berri baten oinarritutako “ideokrazia” errusiarrean txertatutakoa, hots “demokrazia burujabea”, ideologikoki erasotzea “demokrazia liberalaren” –Mendebaldeko indibidualismo ideologikoaren- izenean. Tolokonnikovak aitortu zuen hori Alemaniako Der Spiegel kazetan (ez dugu ezagutzen Ukrainan antzeko ekintzarik egin dutenik, nahiz eta Ukrainar Eliza Ortodoxo sortu berria Poroxenko mendebalzalearen Gobernuak sortu duen).

Hala ere, bi kideren famak beste asko alde batera utzi zituen, hainbeste ezen kide batzuek taldearen zatiketaz ere hitz egiten hasi ziren. Baina ezin da esan Tolokonnikova eta Aliokhina honetan bakarrik daudenik, izan ere, Piotr Verzilov “Voina” kolektiboaren fundatzaileak zerikusi handia izan du konbertsio honetan: bera eta Mark Feigin abokatua izan ziren Pussy Riot “marka” bezala komertzializatzeko pausua eman zutenak (eta honek Jekaterina Samutsevitx taldetik aldentzea ekarri zuen –eta momentu batean Aliokhinak eta Tolokonnikovak Verzilovekin harremanak hautsiko zituztela zirudien, baina ez da hala gertatu, 2018an, oraindik taldearen bozeramaile izaten jarraitzen baitu-). Estrategia horrek arrakasta ekarri dienik ezin dugu ukatu: beren azken bideoak Jonas Åkerlund suediarrak muntatzen ditu, pop komertzialaren izar handienen bideoak produzitzen dituen berak. Ez da makala “Punk anarkistako” talde bat izateko!

Egun, beraz, “Pussy Riot” marka bat edo brand bat da asko jota, hau da, izen baten pean aritzen den plataforma bat, kide finkorik ez duena, beren kideek Moskuko “performancean” lortutako fama baliatzen duena kontzertuz mozorrotutako mitin politikoak egiteko (mitin hauen edukiaz gero arituko gara). Adibidez, behin, Kolonbian eta Edinburgen kontzertua edo performancea aldi berean eman zuten. Beraz, ezin dugu esan beren aktibistarik ezagunenak, Tolokonnikova eta Aliokhina Bilbon egongo direnik, edo Antzokian “Pussy Riot” banderaren azpian besteren batzuk arituko direnik. Kurioski, Bilbok badu halako antzeko esperientzia bat.

Antikomunismoa

Ustez ezkerrekoak diren talde edo mugimendu politikoetan, batez ere garai hauetan, gero eta zabalduago dago, eredu sozialaz eta klase sozialaz gero eta gutxiago eztabaidatzea, “narrazio handien porrotaren” ideologiari jarraiki. Ideologia bera, marka propio eta indibidual bat, “jarrera” bat izatera mugatzeko joera da hau.

Pussy Riotek askotan lantzen duen punk estatikarekin bat doa “antiautoritarioak” direlako uste zabaldua. Hala ere gutxitan entzun ditugu beren iritzi politikoak, “Putin kanpora!” oihuaz at, hots, ez dute esaten Putin kanporatuta zelako Errusia nahi duten, edo zer eredu sozial ezartzeko kendu nahi duten Putin eta “putinismoa”.

Baina arretaz begiratzen badugu, ikusiko dugu noizbait egin dituztela halako adierazpenak… edo behintzat, “alboz” bada ere, euren gizarte eredua zein den erakusten dituzten adierazpenak. Eta hauetan, gehienetan, kapitalismo gehiagoren aldekoak, edota Sobietar Batasunaren guztiz aurkakoak dira. Hots, Pussy Rioten eskemetan agertzen dena da “Putinek Errusian geratzen den askatasun apurra ezabatzen du”; beraz, Errusiako inoizko egoerarik onena, 90ko hamarkadako garai neoliberala zatekeen (90ko garaian izan zen Jeltsin lehendakariak Parlamentua bonbatu zuenekoa, Mendebaldearen bedeinkapen guztiekin). Der Spiegelen egindako elkarrizketa ezagunean, non Nadezhda Tolokonnikovak taldearen “antikapitalismoa” aipatzen duen, ez dago Errusiak bizi izan duen esperientzia antikapitalistarekiko (Sobietar Batasunarekiko) aipamenik ez baloraziorik.

Bestetik, “SESB” erreferentzia negatibo bezala azaltzen zaigu behin eta berriz. Adibidez, beren epaiketaren inguruan, “Stalinen garaiaren parekoa” zela esan zuten. Edo beste behin esan zuten bezala “epaiketa honek sobietar garaira itzularazten gaitu”, hori gauza negatiboa izango bailitzan. Ez zen izan une bakarra talde honek “SESB” kontzeptua jomugan jartzen duela: Aliokhinak, egungo Errusiaz “soilik Lenin eta Stalinen monumentuak berreraikitzea falta zaio SESB izateko” ere esan zuen, eta baita ere sakonagoa zen beste gauza bat: “sobietar sistema ez genuen deseraiki” (deseraikitzea beharrezko balitz moduan). Epaiketa horretan, Pussy Rioteko kideek Solzhenitsin hartu zuten inspirazio gisa.

Azken artikulu batean, Tolokonnikovak Sobietar Batasunaren kontra ere egin du, Timothy Snyder propaganda-sasihistorialaria antikomunista aipatzen du eta Berlingo harresiaren –sozialismoaren- erorketa “askapen” gisa hartzen du (eta modu berean Putin Le Penen zaku berean sartu du, zerikusirik izango ez badute ere).

Hala ere, Marija Aliokhina urrats bat aurrerago doa, talde esplizituki antikomunista baten kide bat. Dmitri Enteo eskuin muturreko aktibistarekin bat (iraganean fundamentalismo ortodoxoaren aldekoa) “Dekommunizatsija” (“Deskomunizazioa”) mugimendua sortu du, “Estatu sozialistak jendea makina bihurtzen duelako”. Ez da batere arraroa Aliokhina “punk liberalak” talde politiko honetan Enteo eskuin muturrekoarekin bat egitea Putinen ustezko “gehiegizko estatismoaren” aurkako borrokan: azken finean 2000 urtea ondoko kapitalismo estatala baino 90 hamarkadako kapitalismo liberala askoz ere “oparoagoa” omen zen Aliokhinaren, Pussy Rioten eta Voinaren epataze-filosofia indibidualista “kreatiboarentzat”. Mugimendu horren protesten artean, egungo Errusiako kartzelak “gulag sobietarra” direla esatea, eta egungo errusiar polizia, FSB Txeka leninistarekin (zentzu negatibo eta gaitzeslean, noski) erkatzea daude. Hots, Pussy Rioteko izarrentzat, egungo Errusia “sobietarregia”, “komunistegia” da, eta hori “zuzendu beharra” dago!

Errusiar eskuin muturrarekin lotura

Kanpo itxurak beste gauza bai ematen duen arren, Pussy Riotek errusiar eskuin muturrarekin lotura anitzak ditu. Ideologia berezkoa hutsala denean (eta hau “ezker” posmodernoari sarritan gertatzen zaio), norbere programaren hutsunea edozerekin bete beharrak ezker-eskuin sendotasunik gabe mugiaraztea oso posiblea da, kasu honetan gertatu bezala.

Lotura horietako bat, Pussy Riotek errusiar lehendakari izateko babesten duen politikaria dugu, Aleksei Navalni. Hainbatetan erakutsi izan dute politikari honekiko elkartasuna, hona eredu bat ekartzearren Tolokonnikovak kartzelatik Slavoj Žižek filosofo esloveniarrari idatzitako gutunetan topatzen dugu (beste adibide bat hemen). Navalniren posizio ultraliberalak eta arrazistak ez dira inorentzat sekretu. Izan ere, 2011an jada, Putinen lagun ez den El País egunkariak esan zuen errusiar ultranazionalisten “Errusiar Martxa” ekitaldian parte hartzen zuela Navalnik. Mendebaldeko prentsak Putinen peko Estatu multinazionalean gutxiengo nazionalen egoera kritikatzen ohi du, baina ez digu esaten Pussy Rioten lagun Navalni “liberalak” Estatu hori errusiar Estatu-nazio batez ordeztu eta gutxiengoen eskubideak mugatu nahi dituenik.

Baina Navalni ez da Pussy Rioten babesa izan duen Errusiako oligarken bozeramaile politiko bakarra. 2013an jada, Mihlaik Khodorkovski oligarka famatua, 90ko hamarkadan errusiar ondasun nazionala lapurtzeaz famatu egin zen oligarka “Putin ordezteko gizon egokia” zela esan zuten. Beno, ez da arraroa 90ko hamarkada eredutzat duen talde politiko batez ari bagara! (Zergatik oraindik Pussy Riot burura etortzearekin batera “punk”; “feminismoa”; “anarkismoa” eta halako hitzak datozkigu?).

Beste batetik, harremana estuago doa kontutan hartzen badugu zein den Pussy Rioten abokatua: Mark Feigin. Feigin Errusia eta Sobietar Batasun ohiko eskuin muturrekoak defendatzeagatik famatu da, eta bere ere gaztetan “Solidaritate Nazionala” deitutako talde ultraeskuindar baten kide zen, 90 hamarkadaren erdialdean jeltsinismora mugitu aurretik. Egun Gari Kasparoven “Elkartasuna” (Solidarnost) mugimenduko kide da, baina horrek ez du esan nahi sinesmen ultraeskuindarra alde batera utzi duenik: 2014an II Mundu Gudako Andrei Vlasov kolaborazionista faxista babestu zuen dokumental batean. Feiginek defendatutakoetako bat da Nadija Savtxenko, Errusian atxilotua izan zen ukrainar pilotu ultraeskuindar famatua. Beste bat Ilija Goriatxev neonazia, bi pertsona hiltzeaz zigortua. Eta baita ere Geidar Dzhemal errusiar islamista eta Arkadi Babtxenko, Kieven, ukrainar zerbitzuen laguntzaz, hilketa-itxurak egin zituen errusiar kazetari “disidentea”.

Ukrainako maidanistekin loturan ere aurkitzen ditugu talde honen “balentriak”. Pussy Riot, Estatu-kolpe horren zuritzaile handienetako bat izan zen. 2013an Piotr Verzilov berak defendatu zuen Maidan. 2014ko martxoan, Tolokonnikova jada Kievera joan zen “Maidanen ez dago neonazirik” eta “Errusia Ukrainan nazio erasotzailea da” esatera (beraz Estatu kolpea “Independentzia ekintza” bezala zuritzera); eta are gehiago “protesta horiek Errusiarako inspirazio dira” ere esan zuen. 2014an, Donetsk eta Luganskeko Herri Errepubliken autodeterminazioaren aurka agertu ziren “errusiar inbasioaren emaitza” zirela esanez. Pussy Riotek “autoritarismoa” ikusten du Putinen politikan (errepublika burges demokratiko alderdianitza), baina ez Maidanaren osteko Ukraina semifaxistan. Izan ere, 2018an, Krimean, han Eskuin Sektorearekin batera atentatu terroristak prestatzeaz akusatua izan zen Oleg Sentsoven defentsan aritu ziren.

Hala ere, harremanak pertsonalak ere izan daitezke, adibidez Marija Aliokhina eta Dmitri Enteoren artean (aipatu dugu jada biek orain “Dekomunizazioa” mugimenduan parte hartzen dutela). Honetan ez dago ezer arrarorik, izan ere, errusiar gizartea pixka bat aztertu duenak jakin badaki errusiar liberal erradikalak eta eskuin muturrekok testuinguru sozial beran ugaltzen direla, hots, Mosku edota San Petersburgoko klase ertainaren giroetan (prentsa liberal mendebalzaleak fronte hau goraipatzen duelarik).

Inperialismoarekin lotura

Programa politiko sinesgarririk, herrian eta mugimendu sozialetan sustrairik ez izatea halako mugimendu “anti”, “epatatzaileen”, eta oro har, ikusmolde indibidualistadunen ohiko ezaugarria da. Honek, mugimendu politiko hauen helburuak lortzeko bide bakarra, kanpo laguntza izatea dakar, kasu honetan gertatu bezala.

Esan dugun moduan, talde hau Mendebaldearen operazio propagandistiko bat besterik ez da. Hau garbi ikusten dugu Pussy Riotek inperialismoari, zein mendebaldeko inperialismoaren jaun (zein andere) puntakoek talde honi, emandako babesaren bidez (adibidez Europako Parlamentuak edo Alemaniako Parlamentuak, edo zenbait think tank inperialistek). Izan ere, Errusiaren kontrako zigor gogorragoen alde agertu zaizkigu behin eta berriz Pussy Rioteko kideak (adibide bat hemen). Hori bai, Mendebalderako bisita horiek sekula ez dituzte aprobetxatu han hartzen zituzten herrietan dauden askatasun defizita edo jazarpen politikoak kritikatzeko. Antza denez “adierazpen askatasunaren defentsak” muga bat du.

Egun, Venezuelako Errepublika Bolibartarraren kontrako Estatu-kolpea gertatzen ari den honetan, agian komenigarria da Pussy Rioten “star” biek Leopoldo Lopez kolpistari eman zioten babesa gogoratzea. Eta hori, AEBko 2016ko hauteskundeetan Siriaren, Iranen eta Errusiaren kontrako erasoak gogortzearen aldeko Hillary Clintonen kanpainan parte hartu zutela ez esatearren (hau ere “feminismoaren” izenean justifikagarria, noski).

Baina inperialismoaren jomugan ezarritako herrien, agintarien edo eredu sozialen aurkako Pussy Rioten erasoak ez dira Errusiara edo Venezuelara mugatzen. 2016an Assaden kontra jo zuten, Siriak bizi duen guda inperialista ahaztuz. Aurretik, Putin negatiboki konparatu nahian, Gaddafirekin edo Kim Jong-Unekin ere erkatu zuten. Azken elkarrizketa hau 2012koa da, NATOren mertzenarioek Gaddafi hil ostekoa.

Ondorioak

Txosten honetan ikusi ditugunak, argi erakusten digute Bilbon joko duen talde edo plataformaren azpian zer ezkutatzen den. Ezkerrarentzat oso erakargarriak diren “antiautoritarismo” edo “feminismo” xingolek kritikatik babesteko balio dien arren, nork eta zertarako ahotsa ematen dien ikusiz, eta bestetik euren ideologia, azaleko antiautoritarismo freudiar-konplexukoa urratu ostean, zer nolakoa den aztertuz, balore sozialista, demokratiko eta antiinperialistetatik oso urrun geratzen den talde batez ari garela ondorioztatzen dugu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *