“Blokeo mediatikoa apurtu eta elkartasuna ematera joango gara Donbassera”

Banda Bassoti musika talde italiar ezagunak brigada antifaxista antolatzeko deia zabaldu du. Horren itzalean sortu da Euskal Herritik ere elkartasun brigada Donbass zonaldera eramateko ideia. Ekimenaren antolatzaileetako batekin hitz egin du ARGIAk proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko.

– Zerk bultzatu zaituzte ekimen hau antolatzera Euskal Herrian?

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua dela uste dugu. Euskal Herriak Europako gatazka horretan erreferentzialtasuna berreskuratu behar du. Arrazoirik inportanteena ez da Euskal Herria mapan kokatzea baizik eta Donbassi elkartasun zuzena ematea, Euskal Herriak ez diela bizkarra emango helaraztea. Baita Rostoveko errefuxiatuei laguntza ekonomikoa, medikamentuak eta bestelako beharrak asetzeko laguntza humanitarioa eramatea ere; eta noski, bertako egoeraren berri izatea, ondoren Donbassekiko lan politikoa eta elkartasun eraginkorra Euskal Herrian garatu ahal izateko.

– Banda Bassotti Italiako musika talde ezagunaren inguruan sortu da brigada. Zer dela eta?

Ez da lehenengo aldia Banda Bassotti taldeak halako ekimen bat bultzatzen duena. Nikaraguan ere izan ziren 1984an, baita El Salvadorren 1994an edo Palestinan ere, Euskal Herriko zenbait musikari eta ekintzaileekin batera (Kortatu edo Negu Gorriak taldeko jendearekin). Oraingoan ere Fermin Muguruzak beraien ekimenari babesa eman dio. Eskertzekoa da Banda Bassotiren konpromiso politikoa. Euskal Herriarekiko ere landu izan duten internazionalismo hori oraingoan Donbassera eraman nahi dute. Guk ezin dugu aukera hori galdu eta horregatik sortu da euskal ekimen hau. Guretzat ohorea da beraiekin bidaiatu ahal izana.

– Hiru egunez izango zarete Donbassen. Zein izango da zuen plana?

Gauza batzuk zehazteke badaude ere, Errusiako Rostov hiriko errefuxiatu- kanpalekuan izango gara, baita Donetsken ere. Donbasseko burkideekin harremanetan gaude eta beraiek antolatzen dutenaren barruan izango dira gure egitekoak. Gurekin etortzerik ez duenak gure blogaren bidez jarraitu ahal izango du brigadaren lana. Bestalde, Banda Bassottiren kontu korrontearen bidez sendagaiak erosteko eta brigada sostengatzeko ekarpen ekonomikoak egiteko aukera dago. Zentzu horretan, gure komitea hainbat herritako jaietan itsulapikoak jartzen ari da. Denon ekarpena da ongietorria.

– Zer azpimarratuko zenukete Ukrainako eta Donbasseko egoerari buruz?

Desinformazioa oso handia da. Gure helburuetariko bat blokeo mediatiko hori apurtzea da. Ukrainiako eta Donbasseko herriak, eta langileriak orohar, jasaten ari diren errepresio sistematikoa eta kriminala salatu eta sozializatu nahi dugu.

Ukrainako egoerari dagokionez, otsailean eman zen estatu kolpe europarzale faxista azpimarratu nahi dugu. Horren eraginez Novorrosian -Ukrainako ekialdean- eta beste leku batzuetan (ukraniera hiztunen artean edota Transkarpatian ere) matxinadak eta autodeterminazio prozesuak gertatzen ari dira. Prozesu hauek herriaren babes handia izan arren, mendebaldeko Europako mugimendu sasi-iraultzaile batzuek herriaren borondateari bizkarra eman diotela azpimarratu nahi dugu. Hau oso kezkagarria iruditzen zaigu. Eraso kriminalen aurrean herriei autodefentsa eskubidea ukatzen zaie moral bikoitza erabiliz. Zer diferentzia dago Donbass eta Palestinaren artean adibidez? Antzerako egoera da bietan.

Zergatik ez zaio konponbide diplomatikoa eman gatazkari? Ukraina Europako estatu zentralistena da: eskualdeetako gobernadoreak Kievek zuzenean hautatzen ditu. Horren aurrean, ekialdeko eta Odessako gehiengoek Ukrainaren federalizazioa aldarrikatu dute konponbide gisa, baita Errusiako diplomaziak ere. Gatazkak konponbide erraza duen arren, Kieveko gobernu faxistak gerra egitea erabaki du. Hor dago gatazkaren erroaren gakoetariko bat. Ukrainako gatazkaren konponbidean negoziazioa eta diplomaziaren bidea oztopatu egin du Europar Batasunak. Eraso kriminalen eta zibilen hilketen aurrean, herriei autodefentsarako eskubide osoa dutela onartu behar zaie. Bestela, zein da beste irtenbidea?

– Komunikabide gehienetan Ukrainako armadaren eta errusiazaleen arteko gatazka gisa agertzen zaigu.

Medio gehienek (hegemonikoak eta “alternatibo” batzuk ere) errusiazaleen eta ukrainarren arteko gatazka bat balitz bezala saldu digute. Errusiera-hiztunak ukrainarrak izango ez balira bezala. Errusiafobian oinarritzen den diskurtsoa hegemonizatu dute gure komunikabideek. Estatu kolpe europarzale faxista ahaztu dute, eta matxino antifaxisten jarduna eta errepublika herrikoien sorrera kriminalizatu dituzte. Herri oso baten eskubidea ukatzen ari dira. Gatazkaren erroa desitxuratua izan da. Ez da Errusia eta Ukrainiaren arteko guda bat. Errusiarren esku-sartzea ez da gatazka eragin duena. Krimeak independentzia aldarrikatu zuenean instituzio berriek Ukrainako oligarkiari egotzi zioten beraien miseriaren errua. Donetsken eta Luhansken ere herri errepublika aldarrikatzean, ukrainar eta errusiar jatorrizko oligarken jabegoak desjabetu egin zituzten.

Errusiazale izatea erresistentzia deslegitimatzeko terminoa eta aitzaki hutsa da. Donbassen argi eta garbi erakutsi dute Errusiako oligarkiaren barrikadaren bestaldean daudela. Zergatik ez dugu beraien hautua errespetatzen? Hori da internazionalismoa gure ustetan, dogma, karitatea eta lezio moraletatik harago doan elkartasun koherente eta eraginkorra. Herri guztiek beren etorkizuna, antolakuntza politiko eta ekonomikoaren jabe izateko eskubide osoa dute. Ukrainar eta errusiarren arteko talkaren irakurketa sinplista horrek gatazka desitxuratzea eta matxinoak kriminalizatzea du helburu.

– “Brigada antifaxista” izendatu duzue.

Gure helburua ez da soilik Donbasseko herriari babesa ematea. Ukrainako komunistei, iraultzaileei eta langileei sostengua ematera joango gara. Ez dezagun ahaztu ehunka ekintzaile eta sindikalista bahitu, torturatu eta hil dituztela Ukrainan. Alderdi Komunista legez kanpo uzteko prozesua zabalik dago. Borotba mugimendu komunista iraultzailearen aurkako errepresioa ere oso gogorra izaten ari da. Odessako sindikalisten hilketa, Donbasseko meatzarien aurkako errepresioa eta abar. Antifaxismoa Ukrainako gatazkari dialektikoki lotuta doan kontzeptua da duda barik.

Egilea: Axier Lopez

Iturria: Argia

guerebagoaz

Link-a: http://www.argia.com/albistea/ukrainako-donbassera-elkartasun-brigada-antolatu-dute-euskal-herrian

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *